XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DEGURIXA-DEGURIA

Jose Ramon Eskibel

DEGURIXA. Begira egon natzaizu denbora luzez, baina ezin izan ditut aurkitu hitz justuak zutaz mintzatzeko.

Eta pozten naiz; bestela paper txuri baten zirriborroetan mugaturik bait zeundeke, eta jadanik ez zinateke hain bikaina izango.

Bestalde, badakit erreza dela zure itxura soilaz kontakizuna betetzea.

Mendiz inguraturiko zure lautada orlegi horretaz; zein zuhaitzez mugaturiko laku biluzi bat dirudien.

Eta kareharrizko mendizka horiek, behin eta berriz norabide berean orraztuak, garbituak, zulatuak...

Erreza da zure borda gorrizkez eta zuhaitz sotilez idaztea.

Zure bide bakarti eta aldapa humilez.

Baina zaila aldiz, bidegurutzetako artzaien aurpegi zaharkituak eta gorputz nekatuak kontatzea.

Zaila baso itxiaren zapaia edo kobazuloetako zirrikituak nolakoak diren adieraztea.

Eta Andarto gaineko paisaia; eta gau ilunetako soinuen sekretuak.

Gainera, badira idatz ezin ditezkeen makina bat istorio eta sentzazio, zuregan bizi direnak, ikusten zaitugun bakoitzean gureganatzen ditugunak: horrela mendizale gazteen arrotasuna Arluz gainera heltzean; mutil bihurrien korrikaldi askeak zaldien atzetik eta igandekoren baten ardo botila hutsak sor dezakeen pena guztia.

Bai, egia da, zure leze hezeetan gora eta behera ikasi nuela bakartasunaz eta beldurraz: etzanda iragaten ginen momentuetan, gela ilunetan, linterna azaltzen ausartuz.

Zure mendietara igoten ginela zuzen-zuzen eta harritik-harri; bide gogorrenetik eta aldrebesenetik, baina baita motzenetik ere.

Eta azkenik munduaren begiratoki hartatik asmatzen saiatzen ginela zein izango ote zen Aizkorri eta Aloña eta inoiz gogoratzen ez genuen urruneko mendi zorrotz hura.

Badakit, mendizale berriek abentura itzelak korritzen dituztela Urbia txiki honetako maldetan gora eta behera; arnas estu eta izerdi tartean, ea nor heldu lehenago iturrira.

Eta zuk, aintzina, barre egiten zeniela zuloetatik irten ezinean zebiltzatenean edo arantzetan trabaturik ohiukatzean.

Baina aspaldian ixilik zabiltza eta norbaitek dio malkoak ixurtzen direla Gaztelu errekan behera.

Bai, badakit, bordak neurriz kanpo ugaritzen dabiltzatela; zabortokiak agertzen direla edonon eta kobetako zoruak estalaktitaz beterik daudela.

Ikusi ditut motor eta kotxeak zure azala hurratzen, ehiztariak zure tontorretan zaintzaile eta benetako espedizio pisutxuak irrati, termo eta puiñal zure inguruneak setiatzen, itzuleran soka fijoak eta oxigeno bonbonak jaso gabe usten dituztelarik.

Eta plastiku, beira eta zigarro hondakinek erre egiten dituzte begiak.

Eta bideertzetako esprai gorri txuri hori magikook eta fogata arraztoek min ematen dute bihotzean.

Degurixa, gazteen ametztoki, eta hain gazte ez garenon ameskaizto.

Jadanik abentura erahil dugu zuregan eta galtzea, soilik luxu bat da.

Halere bidaiari, badira aitortu ez dizkizudan makina bat alderdi; zure irrika saritzeko zain.

Eta baliteke, norbaiti, haize bortitzak eta paraje hotz eta lainotsuek Patagonia ekartzea gogora; baina, pareta falta; hau pena.

RESUMEN TAMBIEN Degurixa, esa preciosa campa a casi 900 metros de altitud, al pie del Andarto, ha dejado de ser el paraiso que era. La presión humana ha roto el encanto de nuestro Urbia txiki pero..., sigamos soñando.